XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honek erroteagaz batera alokatu eban, baina, 1855.eko urtarrilaren 29an, behera etorri zan eta zureria eta teileria Salvador de Otamendiri 4.000 errealetan saldu jakon.

Hirugarren burdinolea, Santelicesen kokatua, Bado Onderokoa izan zan.

Inocencio de Llarenak eregi eban, San Pedro de Abantoko udalerrian, ibaiaren goialdean egoan Cotorriokoa bota ondoren.

XVIII. gizaldian eregi zan.

Inocencio hil zanean, burdinolea haren ondorengoen eskuetara pasatu zan, eta honeexek hartu eben hori ustiatzeko ardurea.

Horrela, XVIII. mendearen azken aldera, Josef Antonio Perez de Caminoren alarguna zan Catalina de Llarena izan zan jabea, eta 1810.erako, Tomas Perez de Camino bere semea, urte haretako Lurralde Estatistikeak erakusten dauan moduan.

BEHARGINAK, EKOIZPEN-PROZESUA ETA TRESNERIA

Muskizko burdinolak, sailkapen orokor bat egiten badogu, burdinola nagusien motakoak ziran, eta euren funtzinoa minerala txongot eta barretara moldatzea zan, gero, burdinola txikietan mehetu eta objektu txikiak gertutzeko.

Halan ere, udalerri honen kasuan katalogazino hau ez da guztiz zuzena, burdinoletan txongotez aparte, tresnak eta jendeak eskatzen ebazan gaiak (untzeak, lan-tresnak, armak, aingurak, burdin-sareak... ) ere egiten ziran eta.

Burdinola batean, gitxienez, 4 behargin egozan:

Urtzaile bi: meadarrak eta txatarrak urtu, sutegi-hauspoak garbitu eta koipeztatu, eta ijeleari makinak mantentzen laguntzea ziran horreen beharrak.

Ijelea: bere helburua gabikoaz eskatutako neurrien arabera burdina lantzea zan, eta txongotak, banan-banan, pisatzea behin eginda gero.

Ganera, haize-bidea jarten eban suak haizea behar ebanerako, eta bere ardurapean egoan sutegi-hauspoak, gabikoa eta ganerako makina guztiak mantentzea, urtzaileen eta gatzamailearen laguntzaz.

Gatzamaile edo ikaskin bat: minerala prestatzen eban, zatituz eta garbituz, gero urtzaileari emoteko.

Ijeleak burdina lantzen ebanean, lagundu egiten eutson, eta bai ura emon ere.

Burdinolea garbitzen eban eta txatarrak biltzen ebazan, urtzaileari emoteko.

Azkenik, ijeleari eta beste beharginei laguntzen eutsen burdinolea mantentzen.

Ekoizpenari loturik egozan beharginez aparte, jarduera osagarrietan ibilten ziran hainbat pertsona egoan: basoan zugatzak ebagiten ebezan aizkolariak; ebagitako egurraz egurrikatza egiten eben ikazkinak; errenterien edo burdina gordetzeko eta saltzeko erabilten ziran denden ardurea euken errentariak.

Beraz, ikusi daitekeanez, lan honeek herritarrei diru-irabaziak emoten eutsiezan, eta horregaitik erakusten eben interes handia hareen lurraldean burdinolak eregi eta mantendu eitezan, Vilochiko burdinolearen kasuan ikusten zan legez.

Lanegunei egokenez, batzuetan jaiegunetan ere behar egiten eben, eta ondorioz, Santandereko gotzaina kexatu egin zan.

1795.ean, azken honek ondorengo hau jakinarazo eutson Villariaseko markesari: bezperan hasitako zamarra amaitzeko edo hurrengo egunean denporarik ez galtzearren sutegia hornitzeko baino ez bazan egin eitekeala behar jaiegun batean.

Burdinearen ekoizpen-prozesuan, giza indarra erabili ohi zan soil-soilik labe behererako.

Urte osorako behar zan mineral eta ikatza bildu ondoren, aurreko denporaldiko burdinolan egozan hondakin guztiak garbitzen ziran.

Gero, makineria konpontzen zan (burdin-zirien laguntzaz) eta txinboak, nazak, sutegi-hauspoa, gabia eta gurpilak aztertzen ziran jardunean jarri aurretik.

Urriaren hasieran, beharginak hautatzen ziran, eta ibaiak ur nahikoa baekarren, ekoizpen-prozesua hasten zan.

Lehenengo eta behin, labea prestatzen zan, ikatz- eta mineral-geruzak txandaka ipiniz.

Urtzea errezteko, urtugarria ere gehitzen jakon askotan.

Labearen ganean hauspoen bidez haize-korrontea aplikatzen zan oxigenatzeko eta tenperatura altuagoa lortzeko.

Zamarra egin ostean, gabiaz mazokak edo txongotak egiten ziran eta, gero, barrak.